2013/02/11

Limoi-tarta




OSAGAIAK (8 lag.)

Masa hautsia
200 g irin
75 g gurin
75 g azukre
1 arrautza
1 gorringo
limoi-zukua

Limoi-krema
⅓ l limoi-zuku
250 g azukre
4 arrautza
2 gorringo
1 l esne-gain
8 gelatina
2 zuringo


NOLA EGIN

Masa hautsia
  • Egin irinarekin sumendi moduko bat, eta egin zulo bat erdian. Jarri zulo horretan gurina (epel), azukrea, arrautza, gorringoa eta limoi erdi baten zukua.
  • Erdiko osagai guztiak nahastu, eta, pixkanaka-pixkanaka, nahastu inguruko irinarekin, orea egin arte. Utzi pausatzen, pixka batean.
  • Orea irineztatu eta zabaldu, arrabola edo botila batekin.
  • Jarri hondoa kentzen zaion molde batean. Sartu labean eta eduki 180 gradutan, 20 minutuz-edo.

Limoi-krema
  • Berotu eltze batean limoi-zukua. Ongi berotu, baina ez du nahitaez irakin behar.
  • Nahastu katilu batean azukrea, arrautzak eta gorringoak. Dena ongi nahastu, orea egin arte.
  • Sutan genuen limoi-zukua katilura bota eta ongi nahastu. Bota nahasketa eltzera, iragazirik; jarri berriz sutan eta etengabe nahastu, irakin arte. Atera beste katilu batera eta utzi epeltzen.
  • Harrotu esne-gaina ontzi batean; hasieran gatz pixka bat gehituz gero, errazago harrotuko da. Beste ontzi batean, harrotu zuringoak, eta nahastu esne-gain harrotuarekin.
  • Gelatinak uretan jarri, hidratatzeko. Gehitu gelatinak krema epelari, eta ongi nahastu. Ondoren, gehitu esne-gain harrotua eta ongi nahastu.

Dena bat
  • Zabaldu limoi-krema orearen gainean, eta sartu limoi-tarta hozkailuan. Bezperan eginez gero, hobe.


No comments:

Post a Comment