2013/01/03

Fideua abakandoarekin




OSAGAIAK (4 lag.)

Arrain-salda
arrainaren burua eta hezurrak
1 tipula
oliba-olioa
ura
gatza

Fideua
400 g fideo
(2 neurrikoa)
1 tipula
2 piper berde
1 piper gorri
8 txipiroi
2 abakando
1 l arrain-salda
oliba-olioa
gatza
irina

Picada
almendrak
2 baratxuri
perrexila

Alliolia
2 arrautza
3 kikara oliba-olio
2 kikara ekilore-olio
ozpina
3 baratxuri
gatza


NOLA EGIN

Arrain-salda
  • Jarri sutan eltze batean arrainaren burua, hezurrak, eta ura. Hasieran ateratzen zaion aparra kendu.
  • Moztu 3 tipula julianan eta potxatu, su bizi samarrean. Gorritutakoan, gehitu arrain-saldari eta utzi egosten. Zenbat eta gehiago egosi, hobe.

Fideuaren oinarria
  • Tipula, piper berdeak eta piper gorria: moztu piper berdeak, piper gorria eta tipula, eta potxatu eltze batean, gatza emanda.
  • Txipiroiak: txipiroia zatitu, zartagin batean olio pixka bat jarri eta egin txipiroiak bertan, su bizian. Egindakoan, gehitu potxatutako barazkiei. Txipiroiek utzitako hondarrak aprobetxatzeko, gehitu zartaginari salda pixka bat, eduki sutan pixka batean irakiten eta gehitu salda eta hondarrak arrain-saldari.

Abakandoa
  • Ebaki abakandoa, luzetara, erditik. Gero, moztu hiru zatitan: buztana, burua eta haginak. Utzi erretilu batean, eta gorde abakandoak askatu duen ura, gero fideuari gehitzeko.
  • Abakando zatiei gatza eman eta olio berotan frijitu, baina haragiaren aldea bakarrik egin, eta ez asko egin. Erretilu batera atera, haragia goraka duela. Haginak ez frijitu, gordinik gehituko dizkiogu fideuari. Frijitzeko erabili dugun zartagineko olioa hustu eta gehitu salda pixka bat, abakandoaren hondarrak berreskuratzeko; eduki sutan pixka batean eta gehitu hondarrak saldari.

Picada
  • Txigortu almendrak zartaginean edo labean.
  • Jarri xehatzeko makinan almendra txigortuak, baratxuriak eta perrexila, eta xehatu, ore moduko bat lortu arte. Xehatzeko makinarik ez badugu, irabiagailuarekin egin dezakegu, osagaiei salda pixka bat gehituta.

Fideua
  • Zartagin batean, bota olio pixka bat eta txigortu fideoak bertan, gorritu arte. Kikaratxo bat olio beharko dugu kilo erdi fideo txigortzeko. Fideoei etengabe eragin, ez erretzeko.
  • Fideoak gorritutakoan, atera labeko erretilu sakon batera.
  • Gehitu barazkiak eta txipiroiak fideoei, eta nahastu. Gatza eman eta jarri erretilua sutan. Erretilua berotu, eta, dena bero dagoenean, gehitu arrain-salda, bero-bero (proportzioa: 1 fideo = 2 salda; salda gehiago botatara ere, arazorik ez).
  • Ondoren, gehitu picada eta ongi nahastu.
  • Sutan eduki 5 bat minutuz irakiten; probatu, eta, gatza behar badu, eman.
  • Irakiten ari den bitartean, gehitu abakandoa, azala goraka duela.
  • Sartu labean 20 bat minutuz, 200º-tan. Egindakoan, atera eta utzi pausatzen, 5 bat minutuz, trapu bat gainean jarririk.

Alliolia
  • Jarri irabiagailuaren basoan arrautza, oliba-olioa, ekilore-olioa, baratxuri txikitua, gatza eta ozpin pixka bat. Sartu irabiagailua hondoraino, eta piztu. Gero, geldi-geldi, goitik behera mugitu. Berehala egonen da prest.
  • Jarri platerean allioli pixka bat, fideuarekin batera jateko.




No comments:

Post a Comment