2012/12/16

Arroza barazkiekin



OSAGAIAK (12 lag.)

Arroza
1,2 kg arroz

Oilasko-salda
½ tipula
½ porru
1 azenario
baratxuria
2 oilasko-karkasa
ura
gatza

Oinarria
2 tipula
2 azenario
4 piper berde
½ porru

Barazkiak
2 tipula fresko
3 piper gorri
2 kalabazin
txanpinoiak
¼ kg leka
baratxuri freskoak
1 tomate lata


NOLA EGIN

Oilasko-salda

  • Jarri sutan eltze batean oilaskoaren karkasak, barazkiak eta ura. Gatza eman eta eduki sutan irakiten hasi arte. Jaitsi sua eta utzi egosten denbora luzez.

Oinarria
  • Moztu julianan eta potxatu tipula, piper berdea, porrua eta azenarioa, gatza emanda.

Barazkiak
  • Piper gorriak: piperrak garbitu eta jarri labeko erretilu batean, osorik, gatz larria bota, olioz busti eta ur pixka bat gehitu. Sartu erretilua labean, 220º-tan. Piperren goiko aldea eginik dagoenean, buelta eman eta sartu berriz labean, erabat egin arte. 45 bat minutu beharko ditu guztira. Egindakoan atera eta epeltzen utzi. Epeldutakoan (oraindik bero antza dagoela), piperrak zabaldu, haziak kendu, azala kendu eta luzetara moztu lautan-edo. Ez bota piperrak askatu duen salda, gehitu oilasko-saldari.
  • Txanpinoiak: erditik moztu eta zartaginean edo plantxan egin, su bizian, gatz pixka bat emanda. Moztu dugun aldetik egin bakarrik, gorritu arte. Ez ditugu erabat eginen, arrozari gehituta sartuko ditugu-eta labean.
  • Kalabazinak: garbitu, baina ez zuritu. Zatitu 10 cm inguruko puskatan, puska horiek erditik moztu luzetara, eta erdi bakoitza seitan moztu, luzetara. Gorritu alde zuriak zartaginean edo plantxan, gatz pixka bat emanda.
  • Lekak: puntak kendu, garbitu eta zartaginean edo plantxan gorritu, gatz pixka bat emanda.
  • Baratxuri freskoak: plantxan gorritu, osorik.
  • Tipula freskoa: erreta prestatuko ditugu. Moztu tipula erditik, eta moztu erdi bakoitza hirutan. Jarri labeko erretilu batean, gatz larria bota, olio pixka bat gehitu eta sartu labean, 220º-tan.

Arroza
  • Arroza labean eginen dugu. Hori dela-eta, hartu erretilu sakon bat eta gehitu olio pixka bat. Gehitu arroza, gatza eman eta nahastu. Jarri erretilua suaren gainean, erretilua berotu eta arroza nahastu.
  • Gehitu oinarria eta nahastu. Ondoren, gehitu tomatea eta nahastu. Dena bero dagoenean, gehitu oilasko-salda bero-bero (proportzioa:1 arroz = 2.5 salda).
  • Sutan eduki 5 bat minutuz irakiten, probatu, eta, gatza behar badu, eman.
  • Irakiten ari den bitartean, gehitu barazkiak, nahi bezala. Jarri kalabazinak azala goraka dutela eta jarri txanpinoien gorritutako aldea goraka.
  • Sartu labean 15 bat minutuz, 200º-tan.
  • Egindakoan, atera eta utzi pausatzen, 5 bat minutuz, trapu bat gainean jarririk.





No comments:

Post a Comment